XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Fisikak kosmologia zaharra ordezkatu du; aspirinak, berriz, sainduen bederatziurrenak. J.S..

Eta esaldi hura gogoan atzera gelaratu zenean, bakarrik eta babesik gabe sentitu zen.

Samuel teologoa nekatuta zegoen.

Rubenek argiro esana zion: gailurrera igo nahi delarik (eta gailurra, esaterako, Jainkoaren erreinua izan zitekeen), mendi tontorra luzaro ikusi gabe ihardun beharra dago, bideari lotuta eta fidatuta.

Haatik, aspaldi zen gizonak ez zuela gailurra sumatu ere egiten, eta beldur zen, gainera zetorkion nekaldiaren zen beldur eta ikara.

Horregatik, eta seminarioko barrunbe itogarri hartan jarraitzeak kalte egingo ziola pentsatuz, kanpora egitea deliberatu zuen.

Eta behin kanporatuta, Marapoli ziutatea eskaini zitzaion begi bistan.

Ibili lasaian Ama Birjinaren estatuaren parera iritsi, eta seko gelditu zen bertan.

Eguzkiak bere ile urdinei ukitu laranja ematen ziela eta dudamuda askorik gabe gaugiro aparta iragartzen zela, hantxe sentitu zuen bere estraineko zorabioa.

Seminarioko kasko hartatik Nihilur ibaia urbearen bizkarrezurra iruditu zitzaion eta bere muina zimaur hutsa zela pentsarazi zion kirats etorri berriak.

Ondoeza haren sujet, Nihilurrek urtero-urtero bataz beste ehun gorpu jasotzen zituela oroitu zuen.

Datu hotzak ziren: hilketak; suizidioak; mozkorraldiak...

Uda hartan ere elementu askok osabetetzen zuten ibaiaren ur emari eskasa, halanola zaborrerian jostatzen imajinatzen zituen arratoiak.